INAUTERI ARRAKASTATSUAK ZARAUTZEN

Aurtengo inauterietan programazio berezia eskaini du Zarauzko Haize-Orratz Gaztelekuak 12-18 urte bitarteko nerabeentzat eta baita Ludotxo Ludotekak 4-11 urteko haurrentzat.

Haize-Orratz Gaztelekuak arratsaldez eskainitako egitarau zabalak izugarrizko arrakasta izan zuen. Arratsaldeko festa giroan eta mozorro lehiaketara 400 gazte baino gehiago bertaratu ziren. Gauean berriz, Oihan Vegaren disko festa saioa izan zen eta 600 gaztetik gora bildu ziren festan. Primerako gaua izan zuten nerabeek alkohol eta tabakorik gabeko festa giroan!

Gaztelekuko hezitzaile lantaldeak oso balorazio positiboa egin du, nerabeek jai giro osasuntsuan murgiltzeko arazorik ez dutela argi erakutsi baitute. Zarauzko nerabeek, festetan beraien espazioa izatea ikaragarri eskertzen dutela argi dago.

Ludotxo Ludotekako 9-11 urte bitarteko erabiltzaileek ere egitarau berezia izan zuen inauterietan. Larunbatean txupinazora hurbildu baitziren, eta igande arratsaldean mozorro festa egin zuten eta hainbat haur hurbildu zen inauteriaz gozatzera.

Aipatu beharra dago bai Haize-Orratz Gaztelekutik eta baita Ludotxo Ludotekatik ere hezitzaileek jarduera egokitu eta arrakastatsuak eskaintzeko egiten duten esfortzua. Eguneroko zerbitzuaz gain, jai egun berezietan ohiko ordutegitik haratago zerbitzua eskaintzen dute haur eta nerabeek ekintza bereziez goza dezaten.

Share on Google Plus

Zarautzgazte

Zarauzko Udaleko Gazteria Departamentuko webgunea. Zerbitzuak: Gazte Informazio Bulegoa, Gaztelekua, Ludoteka eta Gazteria Plana